XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

halako eran, non batek hagineko minetan laguntzen duen, besteak erturrenak zaintzen, hurrengoak osturiko ondasunak bihurtzen, hark untzigaleretan lagun egiten, honek ganadua zaintzen: eta horrela gainerakoek ere.

Zerrenda guztia egiteak urrutiegi eramango gintuzke.

Hauetariko batzuek gauza askotarako balio dute, batez ere jainkoa erditu zuen birjinak, gizateriak honi semearen ahalmen guztiak eta gehiago ematen baitizkio.

XLI. Baina azken batean gizakiek zer eskatzen diete jainko hauei eromenarekin zerikusi duen gauzak baino besterik?

Ikus dezagun; jainkotegi batzuen hormak eta sabaia bera ere eskaintzez guztiz estalita egon ohi diren arren, hauteman al duzue inoiz eromenari ihes egin diolako edo pitin bat jakintsuago bihurtu delako eskainiriko baten bat?

Bat igeri eginda atera da onez.

Beste bat, etsaiak soina alderik aldera zulatu arren, bizirik atera da.

Beste batek, gainerakoak gatazkan iharduki ziren bitartean, indartsu bezain zoriontsu egin du ihes.

Hurrengoa, gurutzeari josita zegoela, lapurren lagun den santuren baten laguntzaz askatu da, aberastasunez desegokiro birkargaturiko banaka batzuk astuntasunetik askatzera berehala joateko.

Hurrengo batek kateak apurtu eta presondegitik alde egin du.

Beste hura sukarretik osatu da, bere sendagilea haserre bizian utziz.

Beste hari, edan zuen pozoinak sabela garbitu dio, erremedio bihurtuz baina ez heriotzerako, joko honetan lana eta diruak galdu dituen emaztea pozegi geratu ez delarik.

Hango hark, gurdia irauli arren zaldiak inolako minik gabe ekarri ahal izan ditu etxera.

Hemengo hau eraisketan harrapaturik geratu zen arren bizirik atera zen.

Horko horrek, ordea, senarrak ezustean atzemanik, alde egitea lortu zuen.

Ikus dezakezuenez batek ere ez du eskerrik ematen eromenetik askatzearren.

Hala ere gauza zeharo atsegina da argitasunik ez izaterik, hilkorrentzat Moria ez-ezik gainerako beste guztia ere arbuiagarri baita.

Baina zer dela-eta sartuko nintzen ni sineskeria-itsaso honen baitan?